- Euskaltelek telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu CEBEKi atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-irtenbide integratuak eskainiz.
- Gainera, Euskaltelek eta CEBEKek enpresen eraldaketa digitalerako interesgarriak diren gaiak identifikatzen lagunduko dute, eta trebakuntza-jardunaldiak eta topaketak egingo dituzte CEBEKeko bazkideentzat.
Derion, 2019ko irailaren 26an.

Iñaki Garcinuño CEBEK-Bizkaiko Enpresen Elkarteko lehendakariak eta Jose Miguel García Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur goizean, CEBEKi atxikitako enpresen artean telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak sustatzeko, haien lehiakortasuna hobetu eta informazioaren gizartea garatzearren.
Lankidetza-hitzarmen honen bidez, Euskaltelek telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu CEBEKi atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-irtenbide integratuak sustatuz, enpresariei eguneroko kudeaketan sortzen zaizkien premiei erantzuteko.
Gainera, Euskaltelek eta CEBEKek enpresen eraldaketa digitalerako interesgarriak diren gaiak identifikatzen lagunduko dute, eta trebakuntza-jardunaldiak eta topaketak egingo dituzte CEBEKeko bazkideentzat.
Euskaltelen ordezkari gisa, José Miguel García kontseilari delegatuak eta David del Campo Euskaltel Taldeko Enpresako Marketin Korporatiboko zuzendariak Iñaki Garcinuño eta Francisco Javier Azpiazu ADEGIko lehendakariarekin eta zuzendari nagusiarekin partekatu dituzte Bizkaiko enpresen digitalizazioaren inguruko kezka nagusiak. Gaur egungo egoeran, erabakigarria da aldaketetara azkar egokitzea, teknologia disruptiboak erabiliz, eta enpresen bilakaera produktuak eskaintzetik zerbitzuak eskaintzera aldatzean oinarritzen da; beraz, aldaketa digitala beharrezkoa da enpresa guztietan, haien tamaina edozein dela ere.
Euskaltelen arduradunentzat, bilakaera hori saihetsezina da; digitalizazioa ezinbestekoa da, ez soilik erreminta gisa, baizik eta kudeaketa-eredu edo ikusmolde gisa. “Euskaltelen helburua da gure bezero diren enpresei aukera ematea ezagutzeko nola errazten duen negozioen bilakaera egoera teknologiko berriak, eta, aldi berean, nola behartzen duen negozioak etengabe berrikustera eta birdefinitzera, lehiakortasuna mantentzeko edo hobetzeko”, esan du José Miguel Garcíak.
Ildo horretan, azpimarratu dute garrantzitsua dela Euskaltel den bezalako aliatu bat izatea alor horretan, konektagarritasuna eskaintzeaz gainera aholkulari-lana egin dezan, “enpresekin lankidetzan arituz prozesu guztiak modu eraginkorrean kudeatzeko behar duten guztian, gailuak, sareak eta zerbitzuak modu gardenean konbinatuz”.
“Hitzarmen honi esker, telekomunikazio-zerbitzurik aurreratuenak eskaintzen jarraituko dugu, eta, horien bidez, kudeaketa hobetzen eta eraginkorrago izaten lagunduko diegu enpresa handiei eta txikiei” adierazi du Iñaki Garcinuñok. “Hala, —esan du CEBEKeko lehendakariak— gure helburua betetzen dugu: gure enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta, era berean, gure lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialari laguntzea”.
Euskaltel – Komunikazioa
komunikazioa@euskaltel.eus
CEBEK – Komunikazioa
idelbusto@cebek.es