HasieraDeitu gaitzazu
94 400 28 00
Kontaktua eues

ENPRESAN BARDIN

Aurkezpena

CEBEKek, Bizkaiko enpresa-sareko erakunde erreferentea denez, ez du Bizkaiko emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko asmoz gizartean eta legegintzan ematen ari diren aldaketetatik kanpo geratu nahi izan.

Bertako Presidentetzaren eta gobernu-organoen lidergopean, 2015. urtean CEBEKek BERDINTASUNAREN arloko jarduerak jarri zituen abian, sexuagatik zuzenean edo zeharka bereizi gabe emakumeen eta gizonen tratu eta aukera berdintasuna garatzeko asmoz. Hartara, Enpresan Bardin Proiektua eratu zen, orain arte arlo horretan egin ditugun jardueren ardatz nagusia izan da eta, hasieratik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurraldea Garatzeko Sailaren babesa eduki du.

CEBEKek 2015-2017ko epealdian garatutako jardueren emaitzak aztertu ondoren, argi eta garbi dago aurrerapauso handia eman dugula emakumeek gure erakundeko Batzar Nagusian duten agerpenaren mailan. Hori dela eta, guztira, 146 bokaletatik 31 emakumeak dira, hau da, %21,23.

2013. urteko aurreko hauteskunde-prozesuari dagokionez, CEBEKek emakumeen agerpena bikoiztu du Zuzendaritza Batzordean; eta hirukoiztu, Batzorde Betearazlean.

Jakin badakigu urteotan integratutako talde eta enpresetan sentsibilizazioaren eta informazioaren arloan egin dugun lanari esker agerpen hori etorkizuneko prozesuetan areagotuko dela urteen joan-etorrian.

Alde horretatik, beste hausnarketa-prozesu baten ondorioz, CEBEKek erabaki egin du 2018-2021eko Plan Estrategikoan Enpresan Bardin proiektuari emango diola jarraipena, Bizkaiko enpresetan eta, batez ere, gure erakundeko erabaki eta ordezkaritza organoetan emakumeen zein gizonen berdintasuna bultzatzeko ardatz nagusia da-eta. Horretarako, hasieran proposatutako bi jarduketa-ardatzei eutsiko diegu:

KONFEDERAZIOKO ELKARTEEN ARDATZA

  • Gure enpresa kideak sentsibilizatzea, enpresako arlo guztietan genero-berdintasuna sustatzea zeinen garrantzitsua den jakin dezaten eta helburu hori lortzeko behar diren neurriei buruz hausnartu dezaten.
  • Emakume enpresari eta zuzendarien jabekuntza sustatzea. Behar besteko neurriak bultzatzea, emakume enpresari eta zuzendariek CEBEKeko eta bertako elkarte sektorial kideetako gobernu-organoetan agerpen handiagoa izan dezaten.

Helburu orokorrak:

  • Bizkaiko enpresen sentsibilizazioa sustatzea genero-berdintasunarekin konpromiso handiagoa izan dezaten, bere garrantzia agerian jartzea eta kezka hori zuzendarien artean zabaltzea.
  • Emakume berriak erakartzea, etorkizunean gure erakundeko gobernu-organoetan parte hartu dezaten.

Helburu zehatzak:

  • Erakundean 2020an egingo den hurrengo hauteskunde-prozesuan, gure Batzar Nagusian dauden emakumeen kopurua %33koa izatea, hau da, 31 emakumetik 48ra igotzea, CEBEKeko kideak diren elkarte eta enpresetako ordezkariak kontuan hartuta.

BARRUKO ARDATZA

Berdintasunaren arloan garatu beharreko jarduketen artean, CEBEKentzat beharrezkoa zen gizonek eta emakumeek erakundean duten egoeraren diagnostikoa egitea eta kudeaketa-prozesuan nahiz CEBEKek enpresa kideei eskaintzen dizkien zerbitzuetan genero-ikuspegia zer mailatan ezarri den jakitea, arlo horretan konpentsaziorako eta hobekuntzarako ekintzak diseinatu ahal izateko.

Laguntzailea:

Jarduerak

Enpresan Bardin saria

CEBEKek, Bizkaiko enpresetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko konpromisoa hartu duenez, Enpresan Bardin Sarietarako deia egiten du.

Sari hauek lan-arloan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna sustatzeko garatutako jarduketengatik nabarmentzen diren Bizkaiko enpresak aitortzea dute helburu.

Sari moduan, aitortzaren erakusgarri diren bi oroigarri banatuko dira: bata 10-250 langile dituzten enpresentzat izango da; eta bestea, 250 baino langile gehiago dituzten enpresentzat. Ez da inolako ordainsari ekonomikorik emango, eta sariak jendaurreko ekitaldian banatuko dira CEBEKeko urteko Batzar Nagusian.

HELBURUAK

  • CEBEKek lan-arloan emakumeen eta gizonen berdintasunarekin daukan konpromisoa erakustea.
  • Jarduketa egokien zabalkundearen bidez, Bizkaiko enpresetan emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna sustatzea.
  • Berdintasunarekin duen konpromisoagatik nabarmentzen den enpresa aitortzea.

PROZESUKO FASEAK

  • Izangaiak aurkezteko epea: martxoaren 15etik apirilaren 1era arte.
  • Epaimahaiak enpresa sarituei buruz hartutako erabakia: apirilaren 30a.
  • Enpresen sari-onarpena: maiatzaren 5a baino lehen.
  • Sariak jendaurrean banatzeko ekitaldia: CEBEKeko Batzar Nagusiaren egunean.

EPAIMAHAIA ETA BALIOESPEN-IRIZPIDEAK

Epaimahaikideak CEBEKeko Presidentetzako, lau Presidenteordetzetako eta Idazkaritza Nagusiko karguak betetzen dituztenak izango dira. Honako balioespen-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

  • Enpresek emakumeak laneratzeko prozesua sustatzen duten politikak garatzea.
  • Emakumeek enpresan irauteko eta gora egiteko jarduketak sustatzea.
  • Behar besteko ekimenak abian jartzea, baterako erantzukizuna eta lanaren zein familiaren
    arteko uztarketa sustatzeko, hau da, enpresek ekintza positiborako garatutako politika moduan
    eta ez legearen arabera eskatutako neurriak betetzeko asmoz (haurtzaindegia, ordutegi malgua,
    berdintasunaren arloko prestakuntza eta lanaren zein familiaren arteko uztarketa sustatzeko
    beste faktore batzuk).
  • Behar besteko estrategiak ezartzea, erabakitzeko eta ordezkatzeko arloetan emakume gehiago
    egon daitezen, maila instituzionalean nahiz enpresa-mailan.
  • Behar besteko ekimenak abian jartzea, emakumeen agerpen txikia duten erantzukizunetan
    emakume gehiago edota gizonen agerpen txikia duten lanpostuetan gizon gehiago egon
    daitezen.
  • Langile-taldean, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten emakumeak egotea (emakume
    desgaituak, tratu txarretako emakume biktimak, 45 urtetik gorako emakumeak, emakume
    etorkinak, gutxiengo etnikoetako emakumeak, emakume gazteak…).

2019KO 2. EDIZIOAN SARITUTAKO ENPRESAK

2018KO 1. EDIZIOAN SARITUTAKO ENPRESAK

Agiri interesgarriak

Komunikabideetan

Menu